Aurkezpena

Iepa esanostialariok!

Eguberriak eta azterketak pasata, sabela bezain betea daukagu burua! Energiaz eta ideia berriz beterik, bloga hankaz gora jartzera gatoz.  Interpretazioarekin lehen kontaktua izan ostean, gure esperientzia eta jakituria partekatu nahi genituzke zuekin. Blog hau zuretzat da: ikasle, interprete, irakasle, jakitun, irakurle, kurioso… edo, zer demontre, interpretazioaz zerbait ikasi nahi duen edonorentzat!

Zer aurkituko duzu blog honetan? Hemen esku-eskuan jartzen dizkizugu gure baliabideak, gogoetak, interpretazioak, zailtasunak eta erronkak. Zuek izango zarete gure aurrerapenaren lekuko, eta guk, zuenaren lekuko izatea espero dugu, inoiz interprete-lanetan aritu behar baduzue behintzat.

Hauexek izango dira blog-ean  topatuko dituzun atalak:

1-Hizki zopa

Atal honetan mintzaldietarako erabili ditugun glosarioak igoko ditugu eta hauen inguruko gogoeta txiki batzuk egingo ditugu. Bestalde, “asteko hitza” proposatuko dugu; hau da, mintzaldietan arreta deitu digun hitz edo egitura.

2-Gogoetaren txokoa

Ikaskide baten interpretazioaren balorazioa egingo dugu: zertan egin duen kale, zer egin duen ondo, gomendioak… Gure jarraipena egin eta aholkurik gehitu nahi baduzue, edo gure proposamenek zuen akatsak konpontzen lagunduko badizuete, azpiatal hau proposatzen dizuegu.

3-Multimedia

Bideoak, estekak, albisteak, xelebrekeriak… Denetarik aurkituko duzue hemen.

4-Notaketa

Atal honetan interpretatzerako orduan notak nola hartzen ditugun erakutsiko dizuegu.

5-Arazoa non, konponbidea han

Klaseetan eta gure itzultzaile eta interprete jardunean sortutako arazo(txo)ak konpontzen saiatuko gara, zuei ere erabilgarri egingo zaizkizuelakoan.

Gehiago luzatu gabe, has dadila interpreteen festa!

Tresna-barrara saltatu