Nazio Batuak, egun bat benetako interprete baten azalean

Ondorengo bideoak interprete jardunaren inguruan hitz egiten du. Nazio Batuen Erakundeko interpreteen lanaz ari da batik bat, beraz, aldiberekoa da berez bideoan gehien agertzen den interpretazio modalitatea. Hona hemen biltzen dituen ideia interesgarrien laburpena:

Itzultzailea ez da interpretea. Biak hizkuntzen arteko transferentziaz arduratzen dira baina euskarri eta baldintza zeharo desberdinetan; beraz, landu beharreko gaitasunek ere ez dute elkarren artean zerikusirik.

Uste okerra da “hitza itzultzen den neurrian, zuzena izango dela” pentsatzea. Interpretatzea askoz ere gehiago da, esaldi osoak osatu behar dira, mintzaldi koherentea, eta esaten denak zentzua izan behar du. Hori, itzulpengintzan ez bezala, denbora-muga oso zehatzarekin.

-“Aktore lanak egitea da garrantzizkoena”. Entzuleak hortxe daude eta esandakoa ez du atzera bueltarik; ez dago printzipioz akatsak zuzentzerik, ez eta diskurtsoa berregiterik ere. Hori dela eta, batzuetan oso korapilatsua izan daiteke interpretazioa; horrelakoetan, segurtasuna transmititzea da egokiena, entzuleek galduta zaudela pentsa ez dezaten.

Prestakuntza-lanaren garrantzia. Bideoan interpreteak ageri dira, kabinetan dokumentazio lanak edo egiten. Nazio Batuen Erakundean nazioarteko auziez aritzen direnez, munduan gertatzen ari denaren berri izan behar dute eta informazio horrek ahalik eta eguneratuena izan behar du. Gainera, interpreteek dagokien hizkuntza-konbinazioetako hizkuntzetan egunkari eta liburu ugari irakurtzen dituzte; beti esapide berriak ikaste aldera. Askotan kaleko hizkera edo esaerak izaten dira interpretea ezustean harrapatzen duten elementuak; haien esanahia, ezagutu ezean, ezin baita ondorioztatu. Beraz, aurrez prestatua egotea komeni da.

-Kuriositate gisa, bideoan zera aipatzen da, interprete gehienek badutela loturaren bat musikarekin: dela abesbatzaren baten parte direlako, dela instrumenturen bat jotzen dutelako. “Jendaurrean” aritzearen adrenalinak batzen ote ditu bi jardunak?

Azkenik, bideoak erreferentzia zuzena egiten dio The Interpreter filmari. Gure ofizioan (interpretazioan) aritzen da protagonista, izenak berak dion bezala, beraz, esan gabe doa guztiz gomendagarria dela zuentzat ere! Film horretako trailerra ere hemen uzten dizuegu, goza dezazuela!

Amaitzeko, bideoan esandako esaldi bat berreskuratu nahiko genuke: “interpretazioa zaila izan daiteke, baina ez ezinezkoa; arituaz ikasten da”. Badakizue, ezina ekinez egina, balio dezala honek guztiak zuek motibatzeko!

Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Tresna-barrara saltatu