Arazoa non, konponbidea han 2017-2018

You are currently browsing the archive for the Arazoa non, konponbidea han 2017-2018 category.

Gogoetaren txokoan aipatzen dugun mintzaldian, Teresa Roquero-k azaldu du batzuetan zailtasunak daudela izen propioak ulertzerakoan. Kasu hauetan, zaila da zer egin jakitea, baina oso lagungarria izan daiteke beste pertsona batekin kabinan egotea. Izan ere, kideak zuk ulertu ez duzun izena Internet-en edo hiztegi batean bilatu dezake eta, gero, zuri hitza ongi idatzita erakutsi. Teknizismoekin eta latinismoekin gauza bera egin dezakegu.

Noski, metodo hau ez da erabilgarria gure kasuetan, guk interpretazioak banaka egiten ditugulako. Hala ere, profesionalentzat erabilgarria izan daiteke. Gure kasuan, guk egin dezakegun bakarra da interpretazioa hasi baino lehen aldez aurretik preparatutako glosarioa ondo begiratu eta oharretan dauzkagun zalantzak Internet-en bilatu.

Askotan oharrak hartzean edo interpretatzean memoriak kale egiten digulako ideia batzuk ahaztu egiten zaizkigu. Hori saihesteko eta ahalik eta informazio gehien emateko, ondo legoke hainbat ohitura gure egunerokoan txertatzea. Hona hemen aholku batzuk:

  1. Egunero egiten dituzun gauzak aldatu, adibidez, lanerako beti hartzen duzun bidea egin beharrean, alternatibak bilatu. Horrela, gure arreta hobetu egingo da eta eraginkorragoak izango gara gauza bat baino gehiago aldi berean egin nahi ditugunean.
  2. Behar bezala lo egin. Helduen %95ek 7,5 eta 9 orduren artean lo egin behar du. Loak, batez ere, lorik sakonena dugun faseetan, memoria areagotzen laguntzen digu.
  3. Memoria bisuala eta espaziala landu. Horretarako, ariketa polita da argazki bat bilatzea, minutu batez hari begira egotea, eta ondoren ahalik eta gauza gehien zerrendatzen saiatzea (zehaztasunekin baldin bada hobe). Ariketa bera egin daiteke irudirik gabe ere, zauden tokian zaudela ingurura begira egon, begiak itxi, eta zurekin dagoenak galderak egin dizkizularik.
  4. Estresa eta antsietatea gutxitu. Estresari aurre egiteko aholkuak:
    -Egingarriak diren helburuak ezarri
    -Lanean ari zarela atsedenak egin
    -Aldi berean zeregin asko egin beharrean, bakarrean kontzentratu
  5. Mapa mentalak sortu. Adibidez, etxera itzultzean, egindako ibilbidearen mapa bat marrazten saiatu, mentalki bada ere.

 

Animo!

 

Iturria: http://tugimnasiacerebral.com/ejercicios-de-gimnasia-cerebral/ejercicios-mentales-para-mejorar-la-memoria-y-tu-agilidad-mental

Zer egingo zenukete hizlariaren azalpenaren %99 sarien izenez eta datez osatuta egongo balitz?

Horrelako hizlariak ere topatu daitezke interpretatzerakoan eta irtenbideak ematen ikasi behar dugu interpreteok. Gaurkoan, esaterako, hitzaldi batean Joxe Mari Olazabalen ibilbide profesionalari buruz hitz egin da, eta DESKOLOKATUTA GERATU GARA. Ez genuen espero denbora guztian datak eta txapelketen izenak azaltzea.

Nola jokatu dugu honen aurrean?

  • Notak hartzen jarraitu dugu, nahiz eta DESESPERAZIO aurpegiak ikusi kabina guztietan.
  • Mintzaldia amaitzean, data eta izen garrantzitsuenak pantailan proiektatu dizkigu hizlariak.
  • Guk, gure kabuz, ordenagailuan Joxe Mari Olazabalen inguruko informazioa bilatu dugu.
  • Amaitzeko, arazoak arazo, ahalik eta ondoen interpretatzen saiatu gara.

Agian, interpretatu aurretik dokumentatu izan bagina, errazagoa izango litzateke interpretazio hau egitea. Nolanahi ere, arazoari irtenbide egokia eman diogula uste dugu. Nahiz eta hasieran galduta sentitu, etsi behar ez dugula ikasi dugu.

Beraz, badakizue, ez etsi Esanostialariok!

Aupa Esanostialariok!

Gaurkoan arazoak eman dizkiguna Gasteizeko Katedrala izan da… Nayhuak bere mintzaldia honen inguruan egin du eta izugarrizko buruhausteak sortu dizkigu…

Zer gertatu den?

Ba.. Nayhuak testu deskriptibo baten mintzaldia eskeini behar zigun.. eta nolakoa! Detaile txikienak ere eman dizkigu. Guk ordea ez genuen ideia handirik gaiaren inguruan ez eta hiztegiaren inguruan ere. Laburbilduz, dokumentazio falta.  Hona hemen arazoak sortu dizkiguten hitzetako batzuk:

  • Ganga = Bóveda
  • Harlandu = Sillería
  • Zenobio = Monasterio
  • Mendekoste = Pentecostés
  • Goiangerua = Arcángel

 

 

Arazo honi aurre egiteko hauxe egin beharko genuke hurrengo batean:

  • Gaiaren inguruko informazio minimo bat begiratzea (basikoena bada ere).
  • Arazoak eman diezazkiguketen hitzak aurretiaz kontsultatu.
  • Interpretatzen hasi aurretik ikaskideek/ lankideek emandako glosategiak arretaz begiratu.
  • Glosategi propioak ere sortu ditzakegu. Etorkizun batean gainera baliagarriak izan dakizkiguke.
  • Mintzaldia emango duenarekin tartetxo bat egoteak ere lagundu dezake, bere diskurtsoaren nondik norakoak ezagutzeko.

 

Ba horixe izan da dena gaurkoz!

Hurrenarte lagunok!!

Askotan notak irakurtzean zerbait inprobisatu behar denez, ez dakigu nola amaituko den esaldi bat. Agian hasierako atala ez dator bat esaldiaren aditzarekin edo esaldiaren egitura orokorrarekin. Horrelakoak gertatzen badira, hurrengo gomendioak ondo etorriko zaizkizu:

 

  1. Arazoa ergatiboa bada, bilatu zuk erabilitako ergatiboa erabiltzen duen aditz bat. “Ikasleek” erabili baduzu eta “gustatzen zaie” esan nahi bazenu geroago, esan “gustuko dute” esaldiaren hasierako subjektuak aditzarekin bat egin dezan.
  2. Arazoa bada ez duzula aurkitzen hitz bat eta isilean geratu zarela, bilatu edo parafrasi edo sinonimo bat hitz hura saihesteko. Ahalik eta azkarren, hobeto, izan ere, etenak ezin dira izan luzeegiak.
  3. Nahasten bazara eta nahi zenuen oharra ez baduzu irakurri (hau da, hurrengo oharra irakurri baduzu), bukatu zure azalpena eta aurretik esan behar zenuen ideia azaldu. Noski, ideien ordena guztiz garrantzitsua bada, hau ezingo duzu egin.
  4. Esan behar zenuen ideiaren kontrakoa esaten baduzu, beste esaldi bat gehitu dezakezu zuk lehen esandakoa ezeztatzeko eta gero esan behar zenuena esateko. Adibidez “Txokolatea ona da” esaten baduzu eta txarra dela esan behar bazenuen, “baieztatzen dute batzuek” aipatu eta jarraian esan hori ez dela egia.
  5. Guztiz ezberdina den zerbait esaten baduzu, beti badago aukera barkamena eskatzeko eta berriro hasteko.

 

Dena den, ez larritu. Arazo hauek gutxitan gertatzen baitira!

Badakigu notak hartzerako orduan, guztia idaztea ezinezkoa dela; baita ideia guztiak buruz gogoratzea ere. Horretarako teknika desberdinak daude, baina azken finean norberak berea garatu eta moldatu behar du.

Oso ohikoa da gure notetan ideiaren bat edo beste nahasirik azaltzea, eta beraz, interpretatzerakoan arazoak izatea. Zer egin dezakegu horrelakoetan?

  1. Lehenik eta behin hizlaria entzuten saiatu behar gara ideia ondo ulertzeko. Gure buruan ideia orokorra dugunean hasiko gara notaketarekin.
  2. Ezingo dugu ideia osorik idatzi; horretarako teknikak garatu behar ditugu. Sinboloak erabili, laburtzapenak… ondoren interpretatzerako orduan baliagarri izango zaizkigunak, alegia.
  3. Izen propio bat edo datu zehatz bat zehazki gogoratzen ez badugu, orokortasunera jotzea komeni da akatsik ez egiteko. Hobe da datu orokor eta zuzen bat interpretatzea zehatz eta okerra baino.

Adibidez: Maite Iturbe eitb-ko zuzendariaren izena gogoratzen ez badugu, eitb-ko zuzendaria dela soilik esatea komeni da, horrela ez baituzu datu okerrik emango eta fideltasunari eutsiko baitiozu. Itziar Iturbe esatea, adibidez, okerragoa litzateke.

  1. Gure oharretan ideia baten inguruan oso informazio gutxi eta nahasia jaso badugu, hobe da ideia hori ez interpretatzea. Seguruenik urduri jarriko garelako eta gure interpretazioa kaltetuko duelako.

Baliagarri izango zaizuelakoan, hurrengo astera arte esanostialariok!

Gure eskoletan ikusi dugunez, eta bestelako hitzaldietan ere gertatzen denez, hizlari batzuek nahi baino azkarrago hitz egiten dute, batez ere, testu idatzi osoa irakurri behar dutenean, alegia, ez denean bat-batekoa. Horrelako hitzaldiak interpretatzerakoan arazorik izan ez dezazuen, proposamen batzuk dakarzkizuegu:

  1. Ideia nagusietara jo: osatu mintzaldiaren hezurdura eta ideien arteko loturak.
  2. Hizlariak esan duena gure hitzetan adierazi, era sinpleagoan. Bere hitz eta formak erabiliz gero, edukian hanka sartzeko arrisku handiagoa izango dugu.
  3. Ondo bereizi zer den testuaren mamia eta zein diren adibideak. Ez dugu adibide guztiak interpretatu beharrik, baina, badaezpada ere, arretaz entzun, agian horietakoren bat baliagarria izango zaigulako ideiak antolatzeko eta gero hobeto adierazteko.
  4. Saiatu dena ez idazten, blokeorako arriskua baitakar horrek. Abiadura handiko hitzaldi batek tentsioa eta urduritasuna sorraraziko digu, eta guk horiek aurreikusi behar ditugu. Beraz, neutralitatea mantendu behar dugu arreta ez galtzeko.
  5. Saiatu ondo dokumentatzen. Zenbat eta dokumentazio hobea, errazagoa izango da ideiak ulertzea eta antolatzea. Hala ere, bereizi behar da zein den guk gai horren inguruan dugun aurrejakintza, eta hizlariak momentuan helarazi duena.
  6. Aukerarik izanez gero (hizlaria aurrean badugu), eskuarekin keinu bat egin hizlariak erritmoa motel dezan.

 

Erritmo biziak ez zaizala kikildu!

Tresna-barrara saltatu